2011/01/30

Neguko barazkiak

Kontsumo talde baten partaide izanez gero, argi dago zeintzuk diren garaian garaiko produktuak: otarrean datozenak! Baina arrazoi desberdinengatik kontsumo talderen batean parte hartzeko aukerarik ez duenarentzat, hona hemen Euskal Herriko barazki eta frutuen egutegia (Kontsumo iraunkorrerako gidatik hartua)

Ikusiko duzuenez, neguan azak, azaloreak, zerbak (azelgak), kalabaza, espinakak... ditugu. Urtaro bakoitzean barazkiak prestatzeko ikastaroak egitea da gure asmoa, baina bitartean, zer egin nire barazki otarrarekin blogean ideia interesgarriak aurki ditzakezue.

Denon artean, barazkiak prestatzea erraztuko digun bilduma bat sor dezakegu, beraz, denokin partekatu nahi duzun ideiaren bat izanez gero, erantsi iradokizunetan edo bidali antiguaotarrak@gmail.com era eta guk zintzilikatuko dugu.

On egin!

2011/01/29

Patata Tortilla Lehiaketa


Urtarrilaren 21ean, Antiguako jaien barruan patata tortilla lehiaketa antolatu genuen. Lehendabizi Maddik prestatutako bideo bati esker kontsumo taldearen nondik norakoak ezagutu genituen eta ondoren, epaimahaiaren lan "gogorraren" ondoren, irabazleak ezagutu genituen Txikiren eskutik.

Lehenengo saria Ixaxkun Intxaustik eraman zuen eta bere hitzetan, tortilla paregabeak egiteko trukoa "bertako produktu ekologikoekin egitea". Argazkietan ikus dezakezue zein itxura ona zuten denek! Beraz, animatu bertako produktuak eta garaian garaiko produktuak erabiltzera, gizarte justuago bateruntz hurratsak emateaz gain, osasunean eta zaporean nabaritzen da eta!

On egin!

Maddi, Txiki, Epaimahaikide, Dokako lagun eta parte hartzaile guztiei MILA ESKER!

2011/01/19

ANTIGUAN ERE KONTSUMO ARDURATSU BATEN ALDE!

Antiguako talde bat garenez, bertako jaietan parte hartuko dugu. Aurten, tortilla lehiaketa antolatu dugu, urtarrilaren 21ean, ostirala, arratsaldeko 7tan DOKAn.

Bertan parte hartu nahi izanez gero, tortilla ederbat eramatea da baldintza bakarra eta noski, antiguaOtarrak kontsumo taldetik produktu agroekologikoekin egitea gomendatzen dizuegu, hauen zapore eta kalitateak saria irabazteko aukera handiagoak emango baitizkizu!

Saria "Otar agroekologiko" eder bat izango da, astigarragako Lizardi baserriko barazkiz eta beste hainbat produkturekin osatuta: Jexux Agirresarobek ekarritako Usurbilgo arrautzak, Aiako Orortegi baserriko gazta eta intxaurrak...
Horretaz gain, kontsumo taldearen inguruko informazioa emateko bertan egongo gara beraz interesa baduzue aukera paregabea izango da!

Eta hau hasiera besterik ez da. Hemendik aurrera kontsumoa, elikadura, jasangarritasuna eta hauekin erlazionaturiko gaien inguruan kanpo ekintzak antolatzeko asmoa dugu (bideo emanaldiak, ikastaroak, hitzaldiak...) Beraz adi egon asko bait gara gizarte arduratsuago baten alde lan egin eta parte hartzeko prest gaudenak!

Ondo izan eta jai onak pasa!

Kontsumo taldeak: zergatik? zertarako?

Gaur egun, kontsumismoa bultzatzen duen gizarte eredu batean bizi gara. Etengabe jasotzen ditugu gehiago kontsumitzeak zoriontasun handiagoa emango digula dioten mezuak, iragarkietan, telebistan… Guzti honek benetakoak ez diren beharrak sortu dizkigu: benetan behar al dugu urtero mugikorra aldatzea? Benetan behar al dugu oporretan planetaren beste puntaraino joatea? Ezinbestekoa al da zoriontsu izateko tomateak urte osoan jatea?

Gure “behar” berri hauek asetzeko burutzen ditugun ekintzek ondorio latzak dituzte bai gizartean eta baita planetan ere. Planetaren baliabideak mugatuak dira eta banaketa ekitatibo batean dagokigunaren gainetik bizi gara. Hori posible egiteko beste batzuei dagozkien baliabideak gureganatzen ditugu. Inoiz ez al duzu pentsatu baliabideak eta gainontzekoen lana gure “beharretara” moldatu beharrean, horrek dakartzan ondorioekin (langileen eskubideak urratzea, bioaniztaasunaren desagerpena, beste lurraldeekiko dependentzia...), gure bizitza planetak eskaintzen dituen aukeretara moldatu beharko genukeela beste inoren eskubideak zapaldu gabe?

Gaur egun gizartean eragiteko dugun modu zuzenetako bat kontsumoa da. Gure kontsumo ereduarekin orokorrean gizarterako nahi ditugun baloreak adierazi ditzakegu (langileen lan baldintza justuak, ingurumenaren babesa...). Eta guzti hori kontutan hartuta kontsumitzeak ez du atzera pasu bat esan nahi. Alderantziz, zentzuz kontsumituz, gizartearentzako, planetarentzako eta gure osasunarentzako onurak izango ditugu, ohituretan aldaketa txiki batzuen truke. Eta honetaz ohartzean, eta gizartearen iraunkortasunerako zein beharrezkoa den ikusirik, geroz eta jende gehiagok ekingo dio kontsumo arduratsuari.

Gure kontsumoaren zati handi bat elikadurari zuzenduta dago. Egunero jaten dugu, baina zer jaten dugu? Nola dago ekoiztua jaten dugun hori? Gure kontsumo ereduarekin zein ekoizpen eredu ari gara bultzatzen?

Orokorrean bi eredu mota daudela esan dezakegu: Bata eredu neoliberala, miloika nekazariren eskubideak urratuz enpresa haundi gutxi batzuen esku dagoen nekazaritza industriala bultzatzen duena. Bestea aldiz elikadura burujabetzan oinarritutakoa, hau da, elikagaiak ekoiztu, banatu eta kontsumitzen dituzten pertsonak elikadura sistema eta politiken erdigunean jartzen dituena, merkatuen eta enpresen eskakizunen gainetik. Azken honek nekazaritza agroekologikoa bultzatzen du, tokian tokiko eta garaian garaiko produktuak ekoizten dituena, beti ere langileen eskubideak bermatuz.

Beraz, aukeratu zure kontsumo eredua eta egin lan gizarte justuago eta jasangarriago baten alde!