2011/02/28

Kuskusa, oilasko eta barazkiekin

Joan den astean, antiguaOtarrak kontsumo taldeko ekoizleekin egin genuen bilera-afaria, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko harremanak sendotzeko. Oso interesgarria eta atsegina izan zen eta sekretua Maritxuk prestatutako afari paregabean egon daitekenez errezeta pasatzen dizuegu:



Osagaiak: (barazkiak zati handietan doaz moztuta beraz kalkulatu zati pare bat bakoitzarentzat)

- Garaiko barazkiak (kasu honetan: patatak, azenarioak, aza eta kalabaza)
- Oilaskoa
- Tipula
- Pasak
- Azukrea
- Kuskusa
- Espeziak: Kurria, kominoa eta kurkuma

Alde batetik saltsa gozo bat prestatzen da, tipula, pasa eta azukrearekin. Nahiko denboraz eduki behar da sutan tipula asko egin eta pasak berriz puzten diren arte.

Bitartean, barazkiak eta oilaskoa zati handietan zatitzen dira eta lapiko handi batean egosten dira ondorengo ordenean: lehendabizi tipula jartzen da olio pixkabatekin eta urez estaltzen da. Jarraian aza eta azenarioa gehitzen zaio eta baita espeziak ere (hauek, bakoitzaren gustuaren arabera baina kominoak du protagonismoa kasu honetan). 15 bat minutu geroago kalabaza eta patata gehitzen zaio eta barazki guztiak egin arte uzten da sutan.

Amaitzeko, oilaskoa eta barazkiak egosi ditugun saldarekin kuskusa egiten da (1/1 neurrian).

Zerbitazeko, barazki bakoitzetik zati bat edo bi, kuskusa, eta kuskusaren gainean saltsa gozoa jartzen da.

Oso errezeta egokia da, hasieran dena txikitzeak lan pixka bat ematen badu ere gero egiten uztea besterik ez bait da! Eta zerbait ez bazaizue argi gelditu, argazki hauetan begira dezakezue!

On egin eta mila esker Maritxu!

2011/02/18

AntiguaOtarraken 1. dokumental emanaldia

Atzo antiguaOtarraken lehenengo dokumental emanaldia izan genuen. Bertan "La isla de las flores" eta "¿Que comemos hoy?" dokumentalak ikusi genituen. Lehenengoan gaur egungo gizartearen desoreka eta bidegabekeria azaltzen zaigu, Japonen ekoiztutako tomate baten ibilbidea Brasileraino jarraituz (Ikusi). Bigarrenean, gaur egungo ekoizpen sistemak azaltzen dizkigu, tradizionala, teknologia berriak eta ekologikoa alderatuz (Ikusi).
Dokumental emanaldia izateaz gain, hausnarketa eta eztabaidarako gune bat lortu nahi dugu ekintza honekin eta hasierako lotsa gainditu ondoren, bi gauza argi gelditu ziren:
- Daukagun informazio falta: askotan ez dakigu nola ekoiztu diren erosten ditugun produktuak, nondik datozen, zein produktu da garai bakoitzekoa...
- Kontsumitzaile bezala gizartean eragiteko dugun aukera: azkenaldian, ekoizle handiak dira zer kontsumitu behar dugun erabakitzen dutenak, baina zentzuz kontsumituz gu izan gaitezke nola ekoiztu behar duten erabakiko dugunak.
Guzti honen ondorio bezala, kontsumo taldeak eta antzeko ekimenak bultzatuz bide honetik goazela baieztatu genuen eta aurrera jarraitzeko gogo berrituekin atera ginen. Eta zergatik ez, agian horain arte hausnarketa hau egin ez zuen batenbatek hemendik aurrera zerbait erosterakoan nola ekoiztua den eta nondik datorren begiratuko du.

Laster arte

2011/02/14

antiguaOtarrak Zineforuma

Kaixo denoi!

Esan bezala, antiguaOtarrak kontsumo taldearen helburuetako bat, kontsumoaren inguruko gure ikuspuntua zabaltzea da eta horretarako hainbat ekintza antolatuko ditugu urtean zehar. Urteko lehenengo ekintza Antiguako jaietan Patata Tortilla Lehiaketa antolatzea izan zen. Aste honetan berriz antiguaOtarrak-en zineforumari ekingo diogu.

Gure asmoa, hilabetero gaur egungo kontsumo eta gizarte ereduaren inguruan hausnarketa eragingo diguten dokumental edo filmak proiektatzea da.

Hilabete honetarako aukeraturiko dokumentala ¿Que comemos hoy? da. Dokumental honek, produktu gehiago saltzeko edo diru gutxiagorekin produktu gehiago ekoizteko gaur egun erabiltzen diren sistema desberdinak azaltzen dizkigu, besteak beste, zein garrantzitsua den beraientzat piperrak zutik mantentzea edo nola aukeratzen duten tomatea dendan iraun dezaken denboraren arabera, zaporea edo osasuna alde batera utziz.

Beraz, dokumentala ikusi eta ondoren sortu daiteken elkarrizketara gonbidatu nahi zaituztegu, denon artean kontsumo arduratsuago batera bideratu gaitzaketen truko edo aholkuak ikasteko.

Izenburua: ¿Que comemos hoy?
Eguna: 2011ko otsailak 17, osteguna
Ordua: 19:30
Lekua: Antiguotarrak elkartea
Iraupena: 50 min