2011/03/24

“ELIKADURA SUBIRANOTASUNA GENERO IKUSPEGITIK”

ELKAR SAREAk bidalitako gonbidapena luzatzen dizuegu interesgarria izango delakoan:

ELKAR SAREAK, datorren martxoaren 26an “Elikadura Subiranotasuna Genero Ikuspegitik” izenburupean jasotzen den jardunaldia antolatu du Donostiako Kristinaenea Fundazioan.

Elikadura Subiranotasunaren eraikitzean emakumearen papera azpimarratu nahi dugu. Parte hartzera eta izen ematera gonbidatzen zaituztegu.

Izen ematea: elkarsarea-idazkaritza@euskalerria.org
Tfnoa.:0034.628.208.358
http://elkarsarea.blogspot.com/

Bazkaria aurrez erreserbatua soilik. Menu begetariano ekologikoa.
Zure lekua erreserbatu 15,50 € ingrestuaz, martxoaren 24a baino lehen

2011/03/15

Antiguan bigarren kontsumo taldea sortu da

Joan den astean kontsumo taldeei buruzko informazioa zabaltzeko hitzaldia izan genuen Antiguan. Bertan, Nekasareako partaide den Unai Arangurenek, gaur egun baserritarrek bizi duten egoera eta enpresa multinazional handiek zuzentzen duten merkatuak jartzen dituen traba eta baldintzak azaldu zizkigun. Informazio honekin, argi gelditu zen multinazionalek inposaturiko jokoaren arauak apurtzeko kontsumitzaileok martxan jartzearen beharra eta bertaratutakoek Antiguan bigarren kontsumo taldea sortzea erabaki zuten.

Orain kontsumo talde berri honen nondik norakoak finkatzeko momentua heldu da. Talde berri hau irekia dago beraz, Antiguako bigarren kontsumo taldean parte hartzeko aukera aste honetan bertan daukazu:

Noiz: Martxoak 17, osteguna

Ordua: arratsaldeko 7tan

Lekua: Antiguotarrak elkartea

Anima zaitez!

2011/03/05

Antiguan bigarren kontsumo taldea sortzen


Dagoeneko urte erdi baino gehiago pasa da antiguaOtarrak kontsumo taldea sortu zenetik. Honek jakin-min handia sortu zuen auzotarren artean: nortzuk dira astero otarrekin atzera eta aurrera dabiltzan horiek? Nola lortzen dituzte barazki freskoz beteriko otarrak? Zer da kontsumo taldea?... Poliki poliki, jendea galdera guzti hauen erantzunak ezagutzen joan den heinean, interes handia sortu da eta asko eta asko izan dira ekimen honetan parte hatzeko nahia azaldu dutenak.


AntiguaOtarrak taldea osatuta dago baina sortutako interes hori bideratu nahian, Antiguan bigarren kontsumo talde bat sortzeko aukera aztertu nahi da. Horretarako eta mugimendu honen filosofiaren eta funtzionamenduaren berri emateko hitzaldi bat antolatu dugu. Hitzaldi hau irekia da beraz Antiguako kontsumo talde berrian parte hartu nahi baduzu, beste toki batean kontsumo talde bat sortu nahi baduzu edo azken aldian hainbeste entzuten den Kontsumo Taldeei buruzko informazioa jaso nahi baduzu etor zaitez antolatu dugun hitzaldira, denon artean kontsumo arduratsuago eta gizarte justuago baterantz abiatzeko ditugun aukerak aztertu eta bideratu ahal izateko.

Eguna: Martxoak 9, asteazkena
Ordua: arratsaldeko 7tan
Lekua: Antiguotarrak elkartea
Hizlariak: Unai Aranguren (Nekasareako kidea) eta antiguaOtarrak kontsumo taldeko kideak


2011/03/04

Basherri Taldeen II. Topaketa

Pasa den larunbatean Basherri Taldeen II. Topaketan egon ginen AntiguaOtarrak taldeko 3 ordezkari. Usurbilgo eskolan 50 pertsonatik gora elkartu ginen eta goiz osoa eman genuen eztabaidan eta elkar ezagutzen.

Eztabaida interesgarriak egon ziren eta batez ere lantzeko gai asko dauden sentsazioa. Sarearen oinarriak finkatzen ari direla ere ikusi genuen, denbora gehiena aurreko bilerako gaiarekin bueltaka eman bait genuen: kontsumo taldeen filosofia zehaztu eta asumitzeko beharra.

Lehenengo zatian Iparraldeko AMAP kontsumo taldeeen sarea aurkeztu zigun zuberoako partaide batek eta beraien filosofia eta antolakuntza azaldu zizkigun, puntu askotan oso interesgarriak zenbait urtetako esperientzia dutelako kontu hauetan.

Bigarren zatian talde guztiek gure aurkezpena egin genuen eta topaketaren bukaerararte luzatu ginen. Talde bakoitzak bere historia, antolakuntza eta izandako gorabeherak kontatu zituen. Talde askoren esperientzia ezagutu genuen eta berriz ere ikusi genuen denok antzeko zalantzak ditugula.

Zenbait talde kexatu egin ziren eztabaidatutako gaiak aurreko topaguneko berdinak izan zirelako, denbora galtzea iruditu zitzaiela eta hurrengo pausoak aztertu behar genituela (sarean lan egiten hastea, etab.) Ikusitakoagatik ordea, badirudi kontsumo taldeeen oinarriei buruz hitzegin beharra bazegoela, batez ere sortu berri diren taldeengatik.

Bukaeran talde guztiek gure filosofia ongi finkatzeko konpromisoa hartu genuen eta hemendik hilabete pare bat barru berriro elkartuko gara denok batuko gaituen Sarearen printzipio bateratuak adosteko.

Basherriak Sareari buruz eman ziren datu batzuk:

- 30 talde
- 500 familia (2000 pertsona inguru)
- 44 ekoizle
- Guztira 12 ha-ko zabalera landatuta
- Lehenengo taldea duela 6 urte hasi zen

Banatzen ari diren produktuak:
- barazkiak
- frutak: sagarra, kiwi, intxaurrak, udareak, kakiak, laranjak (kanpotik)
- arraultzak
- esnea eta esnekiak
- haragia
- ogia eta opilgintza
- mermeladak
- babarrunak