2011/06/25

antiguaOtarraken pintxoak: Tipula mermelada antxoa patearekin


Kaixo!
Esan bezala, aurreko igandean Antiguako San Juan jaietan parte hartu genuen informazio postu bat jarriz. Oso egun polita pasa genuen! Argazkiak hemen sakatuz ikus ditzakezue.
Informazioa zabaltzeaz gain, kontserba ikastaroan prestaturiko errezetekin egindako pintxoak ere eskaini genituen eta arrakasta handia izan zutenez zuekin konpartitu nahi ditugu.
Errezeta hauen bidez, urtaro batean ugari diren produktuak beste garai batzutan eskuragarri izan ditzakegu!Ideia hau oso lagungarria da garaian garaiko eta tokian tokiko produktuak kontsumitzeko erabakia hartu dugunontzat beraz aurrerago ere jarriko ditugu ikasitako errezeta gehiago! Ona hemen gaurkoa:

TIPULA MERMELADA ANTXOAREKIN

Tipula marmelada
Osagaiak: Tipula (gorria hobe), azukrea eta limoia.
Tipulak zuritu, txiki-txiki egin eta su baxuan jarri ondo potxatu arte (2 edo 3 ordu). Behin potxatu eta gero turmixetik pasa eta gero pasa-pure edo txinotik.
Tipula pisatu eta tipula kiloko 400 gr. azukre eta limoi erdi bat erantsi. Berriro sutan jarri loditu arte.
Mermeladak kontserban mantentzeko:ontziak eta tapak egosi (20 min irakiten) eta bero daudela banan bana mermeladaz bete eta 24h buruz bera mantendu. Hilabete pasa ondoren goxoagoak egongo dira!

Antxoa patea
Osagaiak: Antxoak latan, oliba olioa, oliba berdeak, 80 gr. piper gorria (labean egina edo ontziratutakoak)
Antxoen lata ireki eta olioa kendu (olioa ona bada erabili daiteke). Antxoak txikitu eta pisatu; 120 gr. antxoako, 30 gr. olio, 50 gr oliba, 80 gr. piper.
Dena batera turmixetik pasa eta gero pikatzaile elektriko batetik, fin-fina gera dadin.
Pateak kontserban mantentzeko: ontziak eta tapak egosi (20 min irakiten)eta atera. Patearekin bete eta presiozko lapikoan urez estalita 15min eduki.

Pintxoaren muntaia: ogi xigortua, tipula mermelada geruza bat, erdian antxoa pate marra bat eta gainetik ozpin erredukzio tanta batzuk.


On egin!

2011/06/17

Ekainak 19an, antiguaOtarrak San Juanetan

Kaixo denoi!

Asko zarete kontsumo taldeari buruz informazioa eskatzen ari zaretenak. Hori dela eta, eta Antiguan san juan jaiak ospatzen ari garenez, igande honetan frontoi inguruan informazio postu bat jarriko dugu. Bertan, taldeari buruzko informazioa, elkar ezagutzeko aukera eta kontserba ikastaroan ikasitako errezetez eginiko pintxoak izango ditugu, Antiguotarrak Dantza Taldea eta Antiguotarrak Elkarteak antolaturiko beste hainbat ekintzarekin batera: sardinada, dantzariak, erromeria... Igandea giro onean pasatzeko aukera paregabea!

Beraz badakizue, taldeari buruzko informazioa jaso eta igande atsegin bat pasa nahi baduzue gerturatu antiguara!

Eguna: Ekainak 19
Ordua: 12:00tatik 14:00tara
Lekua: Antiguako gorgatxo plazan (frontoi ondoan)


(sardinada eta taberna egun osoan zehar, 12:30tan dantza taldeen emanaldia, 17:00tan erromeria...)

ANIMATU eta ON EGIN!

2011/06/02

Pentsarazten: geroz eta gehiago, hobeto?

Kaixo!
Orain dela gutxi "Inside Job" ikusi genuen, finantza erakundeek ekonomia krisian izan duten eraginari edo hobeto esanda, erruari buruzko dokumentala.

Gaur, bideo motz hau helarazten dizuegu, gai berdina era sinple batean azalduta. Bertan, gaur egungo gizarte ereduak sortutako behar faltsuek eta berekoikeriak eragindako desoreka eta mirarizko zirudien sistemaren porrota azaltzen da. Arinagoa izan dadin, humore pixka batekin lagunduta!


2011/06/01

AntiguaOtarrak2 jaio da!












AntiguaOtarrak2 taldea duela hilabete batzuk sortu zen eta iritsi da gure berri izateko garaia.

Hogei bat lagun gara hainbat aldiz bildu garenak. Ez dugu lanketa haundirik egin gaiaren inguruan baina gauzak ezinhobeto atera zaizkigu hasiera-hasieratik. Gure taldeko partaide batzuen bidez hainbat ekoizleren berri izan genuen eta haiekin bildu eta haien baserriak ezagutu ondoren Errezilgo ekoizlea aukeratu genuen. Horren ondoren, beste behin egin diegu bisita Joxerra eta Arrateri euren Errezilgo paradisu txikira eta berriro ere merienda eta guzti pozik atera gara handik.

Azkeneko bisitaldi hartan zenbait gauza finkatu ondoren bi aste daramatzagu iada otarra antiguoko frontoian jasotzen. Ekoizle honek barazkiez gain beste hainbat produktu ere jartzen dizkigu eskuragarri, hala nola, ogia, arrautzak, oilaskoa, sagar mermelada, muztioa... dena beraiek era ekologikoan sortua. Beste ekoizle batzuekin ere harremanetan jarri gara dagoeneko eta espero dugu laister gazta ere etxean edukitzea. Hau oraindik hasiera besterik ez da eta lan asko dugu egiteko, hala ere animotsu gaude!!!

(Ikusi hemen banaketaren argazki pare bat)