2012/09/20

Probatu al duzu inoiz TRUKEA?

Aste honetan mugikortasun jasangarriaren astea ospatzen da. Kotxeentzat bideraturiko azpiegitura eta espazioak oinezkoentzat berreskuratzea da bertan eskatzen den gauzetariko bat.


Antiguan, Matia kalea kotxeentzat itxiko da larunbatean, hilak 22, ibilgailuei irabazitako leku hori auzoko elkarte eta auzokideek ekintza desberdinak burutzeko erabili ahal izango dugularik.
AntiguaOTARRAK Kontsumo taldeak AntiguaTruk truke azoka antolatu du. Honako helburu edo filosofiaren aldeko apustua eginez:

-Gauzen bizi iraupena luzatu.

-Gauzak berrerabiliz hondakinak gutxitu.

-Kanpotik inposaturiko kontsumo arauetatik kanpo, gure beharrak asetzeko topaguneak sortu.

Ziur gaude denok edo gehienok ditugula etxean edo trasteroan egoera onean dauden eta bazter batean ahazturik ditugun gauzak. Hortaz, hauek truke azokara ekartzera animatu nahi zaituztegu, bertan zuek behar duzuen zerbait aurkituko duzuelakoan!
Trukea ez baduzu orain arte probatu hau da zure aukera, garai batean gure arbasoek erabiltzen zuten kontsumo modua dastatuko duzu eta horrek bihotzean sekulako poza sortuko dizu…



Noiz: Larunbata, irailak 22

Non: Matia kalean (Txalupagilene plaza inguruan)

Ordua: 10:00etatik 14:00etara

Eguneko programaren xehetasun gehiago hemen:

Donostiako Udalak "Nire autorik gabeko eguna" antolatzen du.

Ondo izan eta on ekin!

2012/09/14

Hiri baratza ikastaroa Usurbilen

Usurbilen hiri baratza ikastaroa antolatzen ari dira, interesatuak bazaudete oraindik garaiz zaudete (bihar hasiko da).

Basherriak blogean informazio gehiago



Izenburua: Hiri baratza ikastaroa, balkoietan eta terrazetan baratza lantzeko ikastaroa.
Egunak: Irailaren 15ean, 29an eta Urriaren 6an
Ordua: 10:00etatik 13:00etara
Tokia: Usurbil. Santuenea auzoan, Zahar Egoitzaren ondoan dagoen lokalean (Sendabelarren ikastaroa ere bertan egin zen).
Prezioa: 20€

2012/09/12

Laranja baten istoria

Zenbat kostatzen da herrialde urrunetatik elikagaiak ekartzea? 

Basherriak sareko blogean ondorengo aurkezpena aurkitu dut, Hego Afrikatik laranja bat ekartzeko kontsumitzen diren baliabideak aztertzen ditu:




Oso argigarria iruditu zait bai ingurunean eta bai ekonomikoki dituen eraginen azterketa... a ze astakeria!

2012/06/02

Bi tomate, bi patu

Hemen uzten dizuegu Mugarik Gabeko Albaitarien bideo bat. Modu oso sinple eta dibertigarrian, ekoizpen agroekologiko eta industrialaren arteko diferentziak (batzuk) azaltzen dizkiguna. Ikusi, zabaldu eta pentsarazi!

http://www.cinemascampo.tv/video.php?video=180

On ekin!

2012/04/20

Donostian kontsumo arduratsua sustatzeko ekimena: SARETUZ

Kaixo: gaur eta bihar burutuko den topaketaren berri eman nahi dizuegu:






Gaur egun nagusi den elikagai, ondasun eta zerbitzuen ekoizpen eta garraio sistemak eta berau sostengatzen duen kontsumismoak desberdintasun sozial nabariak eta gure ingurune gertu zein urrunean kalte sakonak sortarazten ditu.
Bizi dugun krisiak (ekonomikoa, ingurumenarena, energetikoa…) eredu hau jasangarria ez dela ondorioztatzen du eta horregatik aldaketa globalak sortarazteko gertuen dugunetik ekintzetara pasatzea garrantzitsua da.

Gure kontsumo ohiturak, gure erosketak,ekintzetara pasatzeko erremintak dira. Zentzu horretan, topaketa hauen bitartez Donostialdeko elkarte desberdinek Kontsumo Arduratsu eta Zentzuzkoaren bidetik proposatzen dituzten alternatiba desberdinak erakutsi eta eztabaidatu nahi dira. Era berean, gai horren inguruan hirian lan egingo duen sare baten oinarriak ere finkatu nahi dira.

Apirileko topaketaren antolaketan sare-eragile bezala parte hartu dugun elkarteak honako hauek gara: Mugarik Gabe, Emaús Gizarte Fundazioa, Ekologistak Martxan, Setem Hego Haizea, Mugarik Gabeko Ekonomilariak eta Donsotiako Bidezko Merkataritza Taldea.

Tokia: SAN TELMO MUSEOA
Noiz: Apirilak 20 ostirala 17:00-20:00 eta Apirilak 21 larunbata 10:00-14:00
info +: http://saretuz.wordpress.com/ - 943 445 977
*Haurtzaindegi zerbitzua egongo da, deitu galdetzeko

ANTOLATZAILEAK: Ekologistak Martxan, Mugarik Gabe,
Emaús Gizarte Fundazioa, Setem Hego Haizea, Economistas sin Fronteras,
Donostiako Bidezko Merkataritza Taldea.

2012/04/12

NAZIOARTEKO BASERRITARREN BORROKA EGUNA. LURRAREN LAPURRETAREN AURKA!

1996ko apirilaren 17an, beraien lurren alde borrokan ari ziren 19 baserritar erail zituzten Brasilen. Urtero, egun honetan beraien eskubideen alde borrokan diharduten baserritarren alde ekintza desberdinak burutzen dira mundu osoan.

Azken urteotan, lurraren desjabetzea eta zabalkundean oinarrituriko garapen ereduaren politikak jasaten ari gara, nekazal lurrak eredu honen atzean dauden pertsona eta enpresen interesak asetzera bideratuz, AHT kasu.

Honek, lurren eta bertan dauden baliabideen jabetza enpresa handien esku uzten ditu, azpiegitura, turismo eta etxegintza, hidroelektrika eta meatzaritza, baso ustiapen edo inbertitzaile handien esku adibidez.

Hori dela eta, hainbat eta hainbat herri beraien lurretatik kanporatuak izan dira, giza eskubideak eta emakumeen eskubideak urratu, txirotasuna areagotu, jendarte haustura eragin eta ingurumenaren kutsadura areagotu delarik.
Lurren lapurretaren atzean dauden beste eragile batzuk banku pribatuak, pentsio fondoak eta beste inbertsio fondo batzuk dira.

Lur lapurreta, lurra, ura, haziak eta beste baliabide batzuen kontrolean oinarrituriko mundu mailako menpekotasun fenomeno bat da, irabazleak enpresa handiak direlarik. Guzti hau, irabaziak gizartearen ongizatearen gainetik jarriz eta ingurumenarekiko begirunerik eduki gabe lortzen dute.

Hori dela eta, antiguaotarrak kontsumo taldeak La Via Campesinak lur lapurretaren aurka ekintzak antolatzeko egin duen deialdiarekin bat egin nahi dugu. Horregatik apirilaren 17an Antiguako kaleetan izango gara eguna ospatzen.

Lurra lantzen duenarentzat!
Gora nekazarien borroka!

Adi egon eta on ekin!