2011/01/19

Kontsumo taldeak: zergatik? zertarako?

Gaur egun, kontsumismoa bultzatzen duen gizarte eredu batean bizi gara. Etengabe jasotzen ditugu gehiago kontsumitzeak zoriontasun handiagoa emango digula dioten mezuak, iragarkietan, telebistan… Guzti honek benetakoak ez diren beharrak sortu dizkigu: benetan behar al dugu urtero mugikorra aldatzea? Benetan behar al dugu oporretan planetaren beste puntaraino joatea? Ezinbestekoa al da zoriontsu izateko tomateak urte osoan jatea?

Gure “behar” berri hauek asetzeko burutzen ditugun ekintzek ondorio latzak dituzte bai gizartean eta baita planetan ere. Planetaren baliabideak mugatuak dira eta banaketa ekitatibo batean dagokigunaren gainetik bizi gara. Hori posible egiteko beste batzuei dagozkien baliabideak gureganatzen ditugu. Inoiz ez al duzu pentsatu baliabideak eta gainontzekoen lana gure “beharretara” moldatu beharrean, horrek dakartzan ondorioekin (langileen eskubideak urratzea, bioaniztaasunaren desagerpena, beste lurraldeekiko dependentzia...), gure bizitza planetak eskaintzen dituen aukeretara moldatu beharko genukeela beste inoren eskubideak zapaldu gabe?

Gaur egun gizartean eragiteko dugun modu zuzenetako bat kontsumoa da. Gure kontsumo ereduarekin orokorrean gizarterako nahi ditugun baloreak adierazi ditzakegu (langileen lan baldintza justuak, ingurumenaren babesa...). Eta guzti hori kontutan hartuta kontsumitzeak ez du atzera pasu bat esan nahi. Alderantziz, zentzuz kontsumituz, gizartearentzako, planetarentzako eta gure osasunarentzako onurak izango ditugu, ohituretan aldaketa txiki batzuen truke. Eta honetaz ohartzean, eta gizartearen iraunkortasunerako zein beharrezkoa den ikusirik, geroz eta jende gehiagok ekingo dio kontsumo arduratsuari.

Gure kontsumoaren zati handi bat elikadurari zuzenduta dago. Egunero jaten dugu, baina zer jaten dugu? Nola dago ekoiztua jaten dugun hori? Gure kontsumo ereduarekin zein ekoizpen eredu ari gara bultzatzen?

Orokorrean bi eredu mota daudela esan dezakegu: Bata eredu neoliberala, miloika nekazariren eskubideak urratuz enpresa haundi gutxi batzuen esku dagoen nekazaritza industriala bultzatzen duena. Bestea aldiz elikadura burujabetzan oinarritutakoa, hau da, elikagaiak ekoiztu, banatu eta kontsumitzen dituzten pertsonak elikadura sistema eta politiken erdigunean jartzen dituena, merkatuen eta enpresen eskakizunen gainetik. Azken honek nekazaritza agroekologikoa bultzatzen du, tokian tokiko eta garaian garaiko produktuak ekoizten dituena, beti ere langileen eskubideak bermatuz.

Beraz, aukeratu zure kontsumo eredua eta egin lan gizarte justuago eta jasangarriago baten alde!

No hay comentarios:

Publicar un comentario