2011/03/04

Basherri Taldeen II. Topaketa

Pasa den larunbatean Basherri Taldeen II. Topaketan egon ginen AntiguaOtarrak taldeko 3 ordezkari. Usurbilgo eskolan 50 pertsonatik gora elkartu ginen eta goiz osoa eman genuen eztabaidan eta elkar ezagutzen.

Eztabaida interesgarriak egon ziren eta batez ere lantzeko gai asko dauden sentsazioa. Sarearen oinarriak finkatzen ari direla ere ikusi genuen, denbora gehiena aurreko bilerako gaiarekin bueltaka eman bait genuen: kontsumo taldeen filosofia zehaztu eta asumitzeko beharra.

Lehenengo zatian Iparraldeko AMAP kontsumo taldeeen sarea aurkeztu zigun zuberoako partaide batek eta beraien filosofia eta antolakuntza azaldu zizkigun, puntu askotan oso interesgarriak zenbait urtetako esperientzia dutelako kontu hauetan.

Bigarren zatian talde guztiek gure aurkezpena egin genuen eta topaketaren bukaerararte luzatu ginen. Talde bakoitzak bere historia, antolakuntza eta izandako gorabeherak kontatu zituen. Talde askoren esperientzia ezagutu genuen eta berriz ere ikusi genuen denok antzeko zalantzak ditugula.

Zenbait talde kexatu egin ziren eztabaidatutako gaiak aurreko topaguneko berdinak izan zirelako, denbora galtzea iruditu zitzaiela eta hurrengo pausoak aztertu behar genituela (sarean lan egiten hastea, etab.) Ikusitakoagatik ordea, badirudi kontsumo taldeeen oinarriei buruz hitzegin beharra bazegoela, batez ere sortu berri diren taldeengatik.

Bukaeran talde guztiek gure filosofia ongi finkatzeko konpromisoa hartu genuen eta hemendik hilabete pare bat barru berriro elkartuko gara denok batuko gaituen Sarearen printzipio bateratuak adosteko.

Basherriak Sareari buruz eman ziren datu batzuk:

- 30 talde
- 500 familia (2000 pertsona inguru)
- 44 ekoizle
- Guztira 12 ha-ko zabalera landatuta
- Lehenengo taldea duela 6 urte hasi zen

Banatzen ari diren produktuak:
- barazkiak
- frutak: sagarra, kiwi, intxaurrak, udareak, kakiak, laranjak (kanpotik)
- arraultzak
- esnea eta esnekiak
- haragia
- ogia eta opilgintza
- mermeladak
- babarrunak

No hay comentarios:

Publicar un comentario