2011/06/25

antiguaOtarraken pintxoak: Tipula mermelada antxoa patearekin


Kaixo!
Esan bezala, aurreko igandean Antiguako San Juan jaietan parte hartu genuen informazio postu bat jarriz. Oso egun polita pasa genuen! Argazkiak hemen sakatuz ikus ditzakezue.
Informazioa zabaltzeaz gain, kontserba ikastaroan prestaturiko errezetekin egindako pintxoak ere eskaini genituen eta arrakasta handia izan zutenez zuekin konpartitu nahi ditugu.
Errezeta hauen bidez, urtaro batean ugari diren produktuak beste garai batzutan eskuragarri izan ditzakegu!Ideia hau oso lagungarria da garaian garaiko eta tokian tokiko produktuak kontsumitzeko erabakia hartu dugunontzat beraz aurrerago ere jarriko ditugu ikasitako errezeta gehiago! Ona hemen gaurkoa:

TIPULA MERMELADA ANTXOAREKIN

Tipula marmelada
Osagaiak: Tipula (gorria hobe), azukrea eta limoia.
Tipulak zuritu, txiki-txiki egin eta su baxuan jarri ondo potxatu arte (2 edo 3 ordu). Behin potxatu eta gero turmixetik pasa eta gero pasa-pure edo txinotik.
Tipula pisatu eta tipula kiloko 400 gr. azukre eta limoi erdi bat erantsi. Berriro sutan jarri loditu arte.
Mermeladak kontserban mantentzeko:ontziak eta tapak egosi (20 min irakiten) eta bero daudela banan bana mermeladaz bete eta 24h buruz bera mantendu. Hilabete pasa ondoren goxoagoak egongo dira!

Antxoa patea
Osagaiak: Antxoak latan, oliba olioa, oliba berdeak, 80 gr. piper gorria (labean egina edo ontziratutakoak)
Antxoen lata ireki eta olioa kendu (olioa ona bada erabili daiteke). Antxoak txikitu eta pisatu; 120 gr. antxoako, 30 gr. olio, 50 gr oliba, 80 gr. piper.
Dena batera turmixetik pasa eta gero pikatzaile elektriko batetik, fin-fina gera dadin.
Pateak kontserban mantentzeko: ontziak eta tapak egosi (20 min irakiten)eta atera. Patearekin bete eta presiozko lapikoan urez estalita 15min eduki.

Pintxoaren muntaia: ogi xigortua, tipula mermelada geruza bat, erdian antxoa pate marra bat eta gainetik ozpin erredukzio tanta batzuk.


On egin!

1 comentario: